Eskubide
berdintasunean urrats bat gehiago egin dute gay eta lesbianek Hego Euskal
Herrian: haien ezkontzek gizon eta emakumeen arteko loturen balio bera izango
dute. Hala ebatzi zuen atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, homosexualen
ezkontzak arautzen dituen legearen aurka PPk jarritako helegitea atzera botata.
Espero baino babes handiagoa lortu zuen, gainera, legeak: Osoko Bilkuran boto
eskubidea duten 11 epaileetako zortzik homosexualen ezkontzen alde egin zuten,
eta hiruk aurka; epaia bospasei egun barru aterako da argitara.
2005eko
ekainean onartu zuen Espainiako Gobernuak homosexualen ezkontzei buruzko legea:
haren bidez, Kode Zibila aldatu zuen, sexu berekoen loturak baimentzeko. Ia-ia
aitzindaria izan zen Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren neurria:
ordura arte, beste bi herrialdek baino ez zieten onartua ezkontzeko eskubidea
gay eta lesbianei. Aurkako iritziek, baina, irmo iraun zuten, eta urte hartako
irailean helegitea jarri zuen PPk Auzitegi Konstituzionalean.
Sexu
berekoen arteko lotura ezkontza izendatzea Espainiako Konstituzioaren aurkakoa
zela argudiatu zuen alderdiak errekurtsoan, «ezkontzaren oinarrizko instituzioa
desnaturalizatzen» zuelakoan. Gaztelaniazko matrimonio hitzaren etimologiara
ere jo zuten, «gizon eta emakumeen arteko lotura sexuala eta ondoriozko
ernalketa» adierazten zituelakoan. Ideia horren alde egin zuen Mariano Raxoi
Espainiako gobernuburuak atzo: «Ez genuen helegitea jarri sexu berekoen loturak
ondorio juridikoak dituelako, horrek ez baitzigun axola. Guk izena errekurritu
genuen».
No hay comentarios:
Publicar un comentario