Zinemagintza prostituzioa legitimatzeko «indar
handiko tresna» izan dela azaldu du Juana Gallego irakasleak, EHUn atzo
eta gaur egindako 'Emakumeak eta komunikabideak' jardunaldietan.
Izan ere, zinemagintzak ere islatu izan du andreen gaineko ikuspegi dikotomikoa: ona eta txarra, zintzoa eta lizuna, emaztea eta prostituta. Emakumeei egokitutako rolak eta arauak betetzen ez dituztenen artean, estigma handiena jasan izan dute prostitutek, baita filmetan ere: «Pelikula gutxi daude emakumeen aurkako indarkeriarik agertzen ez dutenak, eta, askotan, prostituten aurka bideratzen da, hain larria ez balitz bezala». Bortizkeria hori, fisikoa ez ezik, ahozkoa eta sinbolikoa ere bada, eta fikzioan justifikatu egiten dira: «Prostituta edozein modutan trata daiteke: irain daiteke, laidoztatu, umiliatu, baina maitatu ere».
Eta hor dago zinemagintzaren kontraesan handienetako bat: prostitutak emakume on gisa aurkezten dituzte. «Berez, txarrak dira, lizunak, baina bihotz ona dutela nabarmentzen dute. Haien aurkako tratu txarra orekatu nahiko balute bezala». Gallegok erantsi du zinema zuzendari batzuek idealizatu egin dituztela, eta gizonezko pertsonaia batzuk maitemindu direla: «Baina gizonek ez dute onartzen, lotsa ematen die, pentsaezina delako prostituta batekin maitemintzea, emakume konpartituak direlako. Horregatik askatu nahi dituzte. Filmetan ez dira bikote harremana eta prostituzioa bateratzen».
Horren haritik, prostitutak bigarren mailako pertsonaiak izan ohi direla azaldu du. Prostituzioari buruzko pelikuletan, «heroiak» hartzen du pisu handiena, «prostituta salbatu nahi duen gizonak». Baina beste gaiei buruzko filmetan prostitutek duten rola ere aztertu du: «Edozein agertokitan koka ditzakegu, emakume zintzoak egongo ez liratekeenetan ere bai: kale ilunetan, tabernazuloetan... Gai maskulinoak jorratzen dituzten pelikula askotan, gerrari buruzkoetan, adibidez, emakumezko pertsonaia bakarrak prostitutak dira».
Edonola ere, azken hamarkadetan prostituzioari zein prostitutei buruzko diskurtsoak aldatu direla antzeman du. Hasieran, 1960ko hamarkadako filmetan, prostitutak biktimatzat hartzen zituen zinemagintzak, eta prostituziora zerk bultzatu zituen justifikatzen saiatzen ziren pelikulak. Ondorengo urteetan, libreki hautatutako jarduna zela aldarrikatzen zuten pertsonaiek. Azken urteotan, legitimatuta agertu da prostituzioa, eta bi muturretara jo duten fikziozko produktuak izan dira nagusi: luxuzko prostituzioa eta sexu esplotazioa helburutzat duen emakumeen salerosketa.
Zinemak legitimatuta
Eta legitimazio horretan, zinemagintza «indar handiko tresna» izan dela nabarmendu du Gallegok. «Prostituzioa naturala dela pentsa dezagun lortu du. Onartu dugu, gure bizitzan txertatu dugu errealitatearen parte bat balitz bezala, eta ez gaitu harritzen». Indarkeriaren gaira itzuli da baieztapen hori berresteko: «Prostitutak jipoitzen dituzte, eta gizarteak erantzuten du hor daudela haiek nahi dutelako».
Kritika horretatik ateratako ondorio nagusia da zinemagintzak ez duela prostituzioa auzitan jarri, eta are gutxiago arazo sozial gisa aztertu. Eta Gallegorentzat garrantzitsuena den ideia ere ez du jorratu: «Lehen, gizonek sexualitatearen zurigarria zuten sexuaren truke ordaintzeko. Baina gaur egun, emakumeek ere beren sexualitatea gara dezakete, neurri handi batean, zigortuak izan gabe; emakume zintzo eta lizunen dikotomia hain agerikoa desagertzen ari da. Orduan, zergatik jarraitzen dute gizonek prostituzioa erabiltzen?».
Komunikazio irakaslearen beraren hitzetan aurki daiteke azalpena. Prostitutekin gizonak eroso daudela uste du, ez dituztelako «itxurak gorde» behar: «Zintzotzat hartutako andreekin, harremana zaindu egin behar dute; prostitutekin ez, emakumez alda daitezkeelako. Ikuspegi maskulinotik erlazio ideala da, konpromisorik gabe, kezkarik gabe». 1986ko Half Moon Street filmeko pasarte bat aipatu du. Sigourney Weaverek prostituta rola jokatzen du, eta Michael Caine bezeroari galdetzen dio zergatik jotzen duen berarengana. Hona erantzuna: «Konkistaren erritua gizonen gainean erortzen da, eta nik ez daukat horretarako astirik».
Irratiko sexismoa umorean ezkutatzen dela salatu du ikertzaile batek
Irudirik gabe egiten den publizitateak «patroi sexistagoak» jarraitzen dituela azaldu du Teresa Piñeirok
M. A. L. Leioa
Publizitatearen esparruan, oso ikerketa gutxi dago irratiari buruz, baina horrek ez du esan nahi hedabide horretako iragarkiek ez dituztenik estereotipo sexistak baliatzen. Areago, irratiak «patroi sexistagoak» dauzkala baieztatu du Teresa Piñeiro Oterok, Coruñako Unibertsitateko ikertzaileak, EHUko jardunaldiotan. «Baina desberdin antzematen dira. Batik bat umorea erabiltzen dutelako, eta entzuten dugunak ikusten dugunak baino indar txikiagoa duelako».
Neurri batean, irudian oinarritzen diren hedabideen aurkako joera du irratiak: «Emakume objektuak, horiek begiratzeko baino erabiltzen ez direnak, gehiegi dira argazkietan eta ikus-entzunezko iragarkietan. Emakumeen ahotsak, aldiz, gutxiegi». 2.000 iragarkitik gora aztertu ditu: %41ean ageri dira andrazkoak, baina %4an baino ez dira erreferentziatzat hartzen diren ahotsak.
Edonola ere, Piñeirok azaldu duenez, iragarkiak irauten duen hogei segundoetan irudiak eraikitzen ditu irratiak, «estereotipoen eta irudi tradizionalen bidez, eta umorearekin nahastuta». Horri emakumeen ahotsei eta hizkerari egotzitako ezaugarriak gehituta osatzen dituzte publizitate piezak. Andrazkoek horietan dituzten rolak irudietan dituztenen antzekoak dira, hau da, batez ere etxeari, gizonezko bikotekideari eta edertasuna bilatzeari lotuta, baita bigarren mailako lanpostuei ere.
Baina emakumeei buruzko irudikatzeotan bada alde bat. Etxekoandreak ez dituzte andre perfektu gisara aurkezten, baizik eta gainezka eginda: bazkaria erretzen zaie, seme-alabak haserre esnatzen dituzte, edo senarrarekin kokoteraino daude. Horretarako aukera ematen baitie umoreak. Teresa Piñeirok ondorioztatu du egunerokotasunetik hurbilago daudela irudikatze horiek: «Irratia ez da amets fabrika bat. Emakumeak inperfektuak dira, baina barregarria iruditzen zaigu, ez dugu txarrera hartzen, badakigulako egiaz non dagoen erdietsi beharreko perfekzioa».
Iturria: berria
Beste informazio gehiago nahi ezkero"KLIKATU" Hemen
No hay comentarios:
Publicar un comentario