Espektakuluaren nozioa
2013 Uztailak 15
Iruñeako San Ferminetako argazki sexisten harira
analisi desberdinak irakurri ditut egunotan. Batzuk plazerrarekin
tematu dira; beste batzuk irribarrea baiezkoan itzuli dute edota
norberaren gorputzarekin zer nahi egiteko askatasuna aldarrikatu.
Gehienetan espektakulua irudikatu dute eta ez, Situazionistek esango
luketen bezala, subjektuen elkar harreman egoera (hemendik aurrera
situazioa, ez nahastearren).Espektakuluaren hondoratzearekin bat hasten da hauen arabera situazioen eraikuntza. Espektakuluan ekintzaile bat ulertzen da, eta, ondoren, pasibotasuna, ikuslegoaren forma hartzen duena. Situazioan, ordea, ikuslego forma pasiboak rol aktiboa hartzen du: bizitzailea. Alegia, egoera horretan ez da ekintzaile bat identifikatzen, denok baikara subjektu aktibo gisa ulertuak.
San Ferminetara itzulita, analisi metafisikoetan adituek zera diote: egoeratan, agian, emakumeak eroso daudela, eta feminismoaren izenean berau kritikatzea matxismo forma berria dela, paternalismoa, zer egin eta zer ez inposatzen ari gatzaizkielakoan. Hau da, bestela esanda, egoera horietan, behin emakumearen oniritzia jasota, ez da inongo erasorik ulertzen, antza. Espektakuluaren ikuspuntutik soilik emakume ekintzailearen jarrera irakurtzen da, emakumea bera da jokoa eta ikuslegoaren papera, ukituek aktibo bilakatzen badute ere, neutrala da, ez da analizatzen.
Metafisika usteletik haratago irakurriko bagenu, ordea, ez da kasualitatea espektakuluotan ekintzaile eta publikoaren papera beti modu berdinean banatuta egotea. Eta ez da kasualitatea ere, gainera, espektakulua identifikatzea, situazioa identifikatu beharrean. Emakumearen jarrerak, antza, gizonezkoen jarrera neutralizatzeko indar guztia dauka: berak onartzen badu, hor ez da erasorik, ezta patriarkaturik ere. Onartuko ez balu, ordea, alarma guztiak piztuko lirateke. Borondatearen araberako analisiotan akatsa bistakoa da: zeinek ezartzen du borondatea adierazteko hizkuntza edo forma? Hori ulertzeko gai al dira patriarkatuaren semeak? Eta alabak?
Ez hori bakarrik, kontzepzio arazo larri bat bizi dugulakoan nago: patriarkatua soilik gizonezkoengan adierazten da. Beraz, emakumearen erabakia librea da, eta are libreagoa hamar eskuk ukitzen uzten denean, debekuaren muga guztiak hausten dituelakoan. Baina, gorputzaren salerosketa merkatua ez al da merkatu oro bezain kutsakorra? Ez al du gizakia bere gorputzetik aldentzen, alienatzen, objektu sexual bilakatzeraino?
Izan gaitezen demagogo, eta onar dezagun, momentu batez, argazkietako emakumeek, irudikatutako espektakuluan, erabakiak modu aske batetan hartu dituztela, eta, gainera, irribarreek baiezkoa esan nahi dutela. Ez al da, berdin berdin, gizonen jarreran erasoa irudikatzen? Ez al da, era berean, emakumearen objektu izaera indartzen, nahiz eta berak, bere barrenean, erabakitzeko ahalmena sentitu? Ez al du honek irudikatzen gizonezkoen gailentasuna, posesioa? Eta gainera nola eta gehienetan emakumea gurtzen, espektakuluaren erdian jartzen. Horixe da hain zuzen ere gizonezkoen jarrera libratzen duena: zirkuan begirada guztiak erdigunera zuzenduak izatea.
Hoenkin batera pikara magazinen agertutako beste 2 artikuluen interesgararri:
No hay comentarios:
Publicar un comentario