martes, 25 de noviembre de 2014

Emakumeen aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna

http://topatu.info/emakumeen-aurkako-indarkeriaren-kontrako-nazioarteko-eguna-2/

2014 Azaroak 24Feminizidioen aurkako protesta Ciudad Juárezen (Chihuahua) 









Mugan bizitzeak esan nahi du
Feminizidioen aurkako protesta Ciudad Juárezen (Chihuahua)
ez zarela hispana india negra española
ez gabacha, mestiza zara, mulata, erdi-sortua
kanpamenduen arteko tiroketan harrapatua
soinean bost arraza oso daramatzazun bitartean
zein aldetara jo jakin gabe, zeinetatik hanka egin;

Mugan bizitzeak zure identitatea kontrajartzen diren kategorien hibridoa dela esan nahi du eta mutilatutako gorputz zatiek hotzikararik eragiten ez dizutela. Gizarteak marrazten dituen kontraespazioak dira hauek, espazio guztietatik kanpo eta haiekiko kontraesanean daudenak, baina nola edo hala, gainontzeko espazioak ordezkatu eta gezurtatzen dituztenak, “espazioak besteak, heterotopiak” (M. Foucault, 1967). Eta izan ere, Latino Amerika osoan ekoitzitako droga Estatu Batuetara igarotzen duen lurraldean arau bihurtzen da salbuespen egoera, herrialde osoan gertatzen dena dotorezia moderno gabe errepresentatuz.

Muga-lurraldea dugu México bere osotasunean, legalitatea emigratzaile duen fosa sakona; 2000 eta 2009 urteen artean 12.636 (INEGI) izan ziren indarkeria matxistak erailitako emakumeak, kasuen %51 iparraldean, %44 erdialdean eta %5 hegoaldean izanik (OCNF). Baina Errepublikako 32 estatuen artetik Estado de México-k darama maskulinitate medaila, 2000 eta 2008 artean 2.881 (INEGI) emakumeren hilketaren testigu izanik. Horrela, eguneratutako datu gutxi egon arren, egoerak hobera egin ez duela dakigu, 1993an Ciudad Juárez-en, iparraldean, emakume bat 20 egunero erailtzen zuten bitartean, gaur 20 orduro akabatzen baitute, bataz beste, 2013an zazpi emakume izan zirelarik egunero erailak Méxicon (NBE). Dakigunez, egoeraren kolaboratzaile handi bat inpunitatea da. 2007 eta 2008 artean, adibidez, errepublikan jazotako 1.221 hilketa kasuen %51an ez da erailea ezagutzen. Baina erailketa, tamalez, emakumeok sistematikoki jasaten dugun erasoetatik azkena baino ez da. 2006an INEGIk egindako ikerketen arabera, 15 urtetik gorako emakumeen %67ak bortxakeria eta %44ak bortxakeria fisikoa pairatu du, erdiak baino gehiagok haren bikotekidearen eskutik. INMUJERES-en arabera, aldiz, 15 segundoro emakume bat jazarria eta 9 minuturo bortxatua da Méxicon.

2006an Ciudad Juárezeko kotoi landa batean agertutako 8 emakumezkoren gorpuek piztu zuten sua. Urte bete beranduago, mugimendu feministak Emakumeek Bortxakeriaz Aske dagoen Bizitzara Sarrera izateko Lege Orokorra kode penal federalean sartzea lortu zuen, non 21. artikuluan emakumeen aurkako indarkeria eta heriotzari, femizidioari, alegia, dimentsio politikoa eta estatu erantzunkizuna atxikitxen zitzaizkien, bortxakeria feminizida eta feminizidio izendatuz, hurrenez hurren. Eta urtero Abya Yalan (Latinoamerika eta Caribe) 66.000 feminizidio ematen badira ere, El Salvador, Guatemala, Honduras, Colombia eta Bolivian tasa altuenak egonik, zazpi dira delitu bezala tipifikatzen duten herrialdeak: Chile, Costa Rica, México, Perú, El Salvador, Nicaragua eta Ecuador (Femicide: “A global problem”).

Horrela, subsistentzia bitarteko guztien jabe izanik militarizazioa eta haren diskurtso naturalizatzailea, militarismoa, zutabe duen enpresa heteropatriarkal neoliberal eta kolonoan (Documentos para el debate, ELFAY, 2014) bortxakeria, tortura sexuala, feminizidioa, erailketa, desagerpena eta bazterketa edo arpilatzerako derrigorrezko desplazamendua, besteak beste, egiturazko indarkeriaren eta indarkeria sinbolikoaren (P. Bourdieu, 2000 [1994]) ondorio diren indarkeria zuzen bezala ulertu behar ditugu.

Ciudad Juárez-en, Estatu Batuekiko mugan, kokatzen du S. Valenciak (2010) gaiari buruzko ikerketa, fenomenoa “kapitalismo gore” bezala definituz. Kapitalismo gorean, hots, prekarietateak maskulinitate hegemonikoaren exijentziak legalki betetzea ezinezko bihurtzen duen sistema ekonomikoan, “sujetu endriagoek”, zilegitasun eta pribilegioen truke, indarkeria explizitua erabiltzen dute lanbide zein gizontasunaren autoafirmazio eta nekroahalduntzerako (“necroempoderamiento”) erraminta bezala. Horrela, 2006 eta 2012 urteen artean, Felipe Calderónen agintaldian, 136.100 hilketa jazo ziren herrialdean (haietatik 16.000 narkotrafikoaren aurka abiatutako (sasi)gudan), nekroboterea (“necropoder”) kokatzen dugu egiturazko indarkeria ulertzeko gako bezala, bortxakeriaren sobreespeziazlizazioa integratu eta helburu bezala heriotzaren prozesuarekin salerostea duen biopolitika bezala, alegia.

Era horretan, egiturazko indarkeriaren, edo zehatzago esanda, hertsatzearen bidezko subjektibitate produkzioaren forma nagusia dugu bioboterea Méxicon, bizitza eta haren mekanismoak kalkulu esplizituen domeinuan kokatzen dituena. Horrela, S. Valenciak aipatutako merkantzia-gorputzaz gainera, bi modutara penetratzen ditu botereak gorputzak: diziplinen bidez eraginkortasun erreproduktiboa bermatuko duen gorputz-makina eratuz eta prozesu biologikoen euskarri den espezie-gorputza biztanleriaren kontrol eta subjetibaziorako erabiliz (jaiotzak, heriotzak, osasuna…), biztanlerien biopolitika deritzana (M. Foucault, 1998 [1976]).

Emakumek Bortxakeriaz Aske dagoen Bizitzara Sarrera izateko Lege Orokorra inprimatzea erabaki dut orduan, babes konstituzionalaz bustitzeko asmoz, edo. Eta oraingoan ere, metroko eskailerak jaitsi ditut. Emakume eta haurrentzako bagoian sartu naiz, bagoi mixtoetan bidaiatzean erasotzaileak baimentzeaz gain, nire eskubideei uko egiten ari naizelako, noski. Atearen kontra jarri naiz, zutik, eta nire milimetro karratutik patriarkatutik babesten gaituen polizia-gizonari begira geratu natzaio. Egunerokoa irakurtzen ari da, egunero bezala, portada erdibitua duena; emakume batena dirudien zatikatutako gorpuaren irudia albo batean eta bestean modako trikini gardena daraman silikonazko irribarrea. Feminizidioak errekonozitzen dituen kode penalari begiratu diot orduan berriz, eta komuneko papereko bilkaria bukatzen denean leihotik ikusten den banderari begiratu eta sentitzen dudana gogoratu dut; “paper hutsa”.

Izan ere, emakumeen erailketa sistematikoa generoa eta misojiniaren emaitza bezala aitortzea aurrerapausoa izan litekeen arren, haren idazketa hutsak ez du legea eskubide bihurtzen, egitura kausalak aldatu ezean, sistema heteropatriarkalari men egiten jarraituko diolarik. Horrela, naturalizatutako sexu, genero eta arrazaren arabera subjektuak eta haien arteko botere harremanak determinatzen dituen egiturapean, legeak bikotekidearen eskutik bortxakeria pairatu eta bere burua biktimatzat duen emakumezko zuri, heterosexual eta burgesa soilik jasoko du haren babespean (Medeak, 2013, Violencia y transfeminismo. Una mirada situada). Horren adibide dugu Yakiri Rubioren kasua, duela urte bete gizon bik México DF-ko hotel batean bahitu eta bortxatu zuten lesbiana, labankada batekiko defentsan erasotzailea erailtzeagatik, zilegizko defentsaren gehiegikeria egotzita, kartzelaratu zutena. Tamalez, baina, gu ez gara zeharkatzen gaituen indarkeria sinbolikoa erreproduzitzeaz libratzen, irailaren 26an Igualan (Guerreroko Estatua) gobernuak eraildako 6 lagun eta desagerrarazitako 43 ikasle normalisten aldeko mobilizazioetan ikus dezakegunez. Martxetan oihukatzen dugunaren kontra, “denok ez baikara Ayotzinapa“, besteak beste, hiriburuko unibertsitateek ez dutelako Juárezeko erailak bizirik ager daitezen parorik egiten, ez dutelako emakume, etxeko langile eta prostitutengan gizonezko ikasle nekazari eta txiroengan ikusten duten subjektu iraultzaile heroikoa ikusten.

Baina hemetik hara ibili ostean, buelta gaitezen handik hona. Urte bat gehiagoz azaroak 25, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Egitura hertsatzaileetan oinarrituta, indarkeriaren erabileraren monopolioa duen estatu-nazioan sinetsi behar al dugu heteropatriarkatuaren bortxakeriarekin bukatzeko? Argi izaten dugu erantzuna gehienetan. Pankarta tolestu eta etxera bueltatzean, baina, korapilatsuagoa bihurtzen da galdera. Noraino gara konplize indarkeria sexistaren agerpenean? Eta, indarkeriaren monopolia al dauka gure etorkizuneko euskal estatuak? Hertsatzaileak al dira bere egiturak?

No hay comentarios:

Publicar un comentario