martes, 7 de junio de 2016

"Etorkizuneko pertsonak antzinako prozedurekin hezten ari gara"

Amaia Antero. Pedagogia eraldatzaileak lantzen 
 
Edukiz betetzen dizkigute buruak munduratu orduko. Zenbakiak, koloreak, matematikak, historia eta geografia. Bizitza, baina, hortik haratago kudeatu behar den prozesu konplexua da. Besteekin eta, era berean, nork bere buruarekin. Orain arteko hezkuntza sistemak eman ez dizkigun tresna horiek guztiak erakusteko anbizioarekin etorri da konfiantzaren pedagogia. Halaxe du izena, hain zuzen, Amaia Anteroren liburuak: Konfiantzaren pedagogia.


Zer da zehazki konfiantzaren pedagogia?
Terminoen araberako definizioa hartzen badugu, pedagogia hitzak pertsona bati hezkuntza-ibilbidean zehar ematen zaion laguntza adierazten du. Nolakotasunaz ari da, nola esku hartu behar duen helduak haurraren edota gaztearen ibilbidean. Horri konfiantza hitza gehitu diogu, gure diferentziala bilakatuz. Gure ustez ezinbestekoa da ikasleak bere buruarengan, ingurukoengan eta testuinguruan konfiantza izatea ikas-irakaskuntza prozesuan. Hori lortzen denean, ikaslea prest eta zabalik egoten da ikasteko.  
Zer hutsune ikusten dituzu egungo hezkuntza ereduan?
Erretrobisorearen irudia lagungarri izan daiteke gai honetaz aritzeko: aurrera goaz baina begirada beti atzerantz jarrita. Salbuespenak salbuespen, esan liteke etorkizuneko pertsonak hezten ari garela antzinako prozedurekin. Hutsunea non dago? Aurreko ereduan irakaslea izan da zentroa eta ikaslea pasiboa. Ezagutzaz bete dira ikasleen buruak, baina ikaslearengan dagoenetik abiatu gabe. Horregatik esaten dugu ikaskuntzan zentratu eta rolak aldatu behar direla.
ABANTAILAK: “Gure lantaldeak esku hartzen duen ikastetxeetan adinak nahasten ditugu espazioetan, kalean eta plazetan gertatzen den bezala, edota komunitate indigenetan. Modu honetan, zaharrenei zaintzarako sena aktibatzen zaie txikiekin, eta txikiei imitaziorako ereduak ematen zaizkie. Bestalde, adinak nahasteak erritmo kognitibo desberdinak eta haurren interesak errespetatzea ahalbidetzen du”.
Proposatzen duzuen ereduak zertan eraldatzen ditu pertsonak?
Oso inportantea da ikaslea pertsona moduan ikustea, ikasten ari den norbanako moduan; horrek humanizatu egiten du hezkuntza. Proiektu akademikotik haratago, ikasleei bizitza proiektu oso bat eraikitzen lagundu nahi diegu. Horretarako, gaitasun eta adimen mota guztiak hartzen ditugu kontuan eta testuingurua eskaintzen dugu horiek lantzeko; hezkuntza tradizionalean adimen logiko-matematikoa eta hizkuntz adimena lantzen dira nagusiki, baina beste gaitasun guztiak non geratzen dira? Bizitzan horiek guztiak behar ditugu.


Irakurtzen jarraitzeko:

No hay comentarios:

Publicar un comentario