KONTZENTRAZIOA: “ERASO HOMOFOBORIK EZ! EZ AUZOAN EZ INON!” ASTEAZKENA 22, 19:00ETAN EUSKALTZAINDIA PLAZAN (BUS GELTOKI BERRIAN)
Ostiral goizean zorigaiztoko albiste batekin esnatu zen Gazalbide
auzoa, Gasteizen. Ostegun gauean, 23:30ak aldera, trago batzuk hartzetik
bueltan gazte batek eraso homofobo bat jasan zuen. Bere lagun batekin
muxuka ibili ostean, etxeko bidea hartu zuen gazteak. Hasiera batean,
urrutitik entzun zuen “maricon!” hitza. Ez zuen kasu handirik egin. Izan
ere, zoritxarrez, oso ohituta gaude horrelako hitzak entzutera; eta ez
soilik parranda giroan. Berriz entzun zuen urrutitik iraina, eta buelta
ematerakoan, bi gizon bere atzetik segika zituela ohartu zen. Haietaz
paso egiten saiatu zen arren, berriz begiratzerakoan, ez ziren bi, lau
baizik. Mehatxuek eta irainek gora egin zuten orduan. Aurretik
aipatutako irainari “hijoputa!” gehitu zioten homofoboek. Gainera,
erasotuaren ustetan, gizonezko batek “zerbait” atera zuen poltsikotik.
Ez dakigu zer, eta ez dakigu zertarako, baina bakoitzak egin ditzala
bere hipotesiak. Gazteak, orduan, korrika batean bus geltokirako bidea
hartzea erabaki zuen, jendea egon zen leku bat topatzeko, eta bertan
“babesteko”. Orduan galdu zituen erasotzaileak, azkenean.
Gazalbide auzoa Gasteizko auzorik “beltzena” da. Puntu”beltzez”
beteta dago auzoa, eta honek, ateak parez pare irekitzen dizkie
erasotzaile hauei. Ezin imaginatu zer gerta zitekeen orain dela bi urte,
bus geltokirik ez eta ilunpean zegoen parke bat soilik aurkitzen zenean
bertan. Beraz, horrelako zerbait gertatzea tristea bada ere, Udalak
arazo honi aurre egin behar dio, eta eraso hauek saiesteko tresnak
erabili. Hasteko, puntu beltzak ezabatuz.
Hala ere, auzoko eragile ezberdinek ostiral goizean bertan ekin
zioten lanari, gazteari babesa eskaintzeko eta erasoa salatzeko. Azkar
bildu ziren auzoko jaietan, gazte mugimenduan edota sexu askapenaren
alde lan egiten duten kolektiboetako kide ezberdinak. Auzoa kartelez,
“adi egon”-ez eta deialdiz bete zuten, hiru mezu argirekin:
– Auzoko eragile eta norbanako ezberdinek babes osoa adierazten diote eraso homofoboa jasan zuen gazteari.
– Ez da eraso homofoborik onartuko, ez auzoan, ez inon.
– Sexu askapena gizartearen erantzukizuna da, egunerokotasunaren bitartez irabaziko dena.
Sexu askapena egunerokotasunean irabaziko dugula kontziente naizen
arren, erantzuna eman behar denean, era masiboan eman behar dugu. Eta
eraso hau salatzeko, deialdi garrantzitsu bat daukagu asteazkenean,
uztailaren 22an.
KONTZENTRAZIOA: “ERASO HOMOFOBORIK EZ! EZ AUZOAN EZ INON!” ASTEAZKENA 22, 19:00ETAN EUSKALTZAINDIA PLAZAN (BUS GELTOKI BERRIAN)
No hay comentarios:
Publicar un comentario